“Emakumeok gure burua zaindu behar dugu ondo egoteko”

4269396864_3c9e878a70_o

MARILDE OSA MEDIKUA PASAIAKO JABETZE ESKOLAKO IRAKASLEETAKO BAT DA

 

Oso ezaguna da udalerrian, urte luzez Trintxerpe-San Pedroko osasun zentroan familia mediku izan delako. Erretiroa hartuta, Marilde Osak Pasaiako Jabetze Eskolari bere denbora eta jakintza eskaintzen dizkio, emakumeak beren osasunaz arduratzera animatuz. «Oso gustura nabil eta  Udaleko Gizarte Departamentuan badakite ni laguntzeko prest nagoela», azaldu dio HIRIANi.

 

PASAIAKO EMAKUMEEI OSASUNARI BURUZKO IKASTAROAK ESKAINTZEN DIZKIEZU, BERDINTASUN ARLOA ETA BERDINTASUN MAHAIAREKIN ELKARLANEAN, JABETZE ESKOLAREN BITARTEZ. NOLAKOA ARI DA IZATEN ESPERIENTZIA HAU?

Oso polita eta, gainera, oso interesgarria. Asko ikasten ari naiz, bai ikastaroak prestatzean, baita emakumeen galderekin ere. Egoerak oso desberdinak dira baina, benetan, asko ikasten da arlo honetan. Gainera, emakumeak pozik daudela uste dut eta hori da neretzat garrantzitzuena. Lan honek zerbaitetarako balioko duela uste dut.

 

“EMAKUMEEN OSASUN ZAINKETARAKO GAKOAK” DA TAILER HORIETAKO BATEN IZENBURUA. ZEINTZUK DIRA EMAKUMEOK GURE ONERAKO KONTUAN HARTU BEHARKO GENITUZKEEN GAKO NAGUSI HORIEK?

Gako horiek denontzat dira, bai gizonentzat, bai emakumeentzat. Lehen gauza da norberak kontuan hartzea ‘Ni’ dela, eta bere burua zaindu behar duela ondo egoteko. Emakumeok garbi eduki behar dugu gai hau. Eta gizonek hau jakin  eta errespetatu beharko dute. Emakumeok ezin dugu zainketa lanen zama guztia guregain eraman: senarra, seme-alabak,  gurasoak… Betiko egoerak dira eta uste dut gauzak ez direla aldatu. Ez zaio soilik nere adineko jendeari gertatzen. Familiaz gain, ikastoletan eta gizartean asko landu beharko da gai hau.

 

BIZITZAKO GARAI EZBERDINETAN ELIKADURA EZBERDINA BEHAR DU EMAKUMEAK. ZEINTZUK DIRA, ZENTZU HONETAN, EMAN DITZAKEZUN AHOLKU OROKORRAK?

Ez dira oso ezberdinak gizon eta emakumeentzat. Hilerokoa kontuan hartu beharko dugu, hori bai. Odola galtzeak anemia eragin dezake. Horregatik, burdinean aberatsak diren elikagaiak beharko dira: haragi gorria astero, gibela noizbehinka, dilistak, garbantzuak (lekaleak)… Eta odol asko galtzen baduzu, agian burdina  hartu beharko duzu. Horretarako daude medikuak. Kontuan hartu beharreko beste garai bat haurdunaldia  eta edoskitzea dira. Oso garrantsitsua da osasuntsu eta garbi jatea. Osasuntsu, lau janari egunero, gutxienez. Eta garbi, elikagai guztiak behar ditugu, bere neurrian. Kontuz koipe saturatuekin. Horrez gain, emakumeok kontuan hartu behar dugu etorkizunean osteoporosia errazago izan dezakegula. Horregatik, ez ditugu bizitza osoan zehar esnekiak utzi behar. Hor daukagu kaltziorik onena.

 

JABETZE LAN HORRETAN, EMAKUME BAKOITZAK BERE ZAINTZAREN ARDURA IZAN BEHAR DUELA DEFENDATZEN DUZU. HAINBESTE URTEZ ANBULATEGIAN IKUSI DUZUNAREN ARABERA, PASAIAKO EMAKUMEEK, ORO HAR, BEREN BURUA ZAINTZEARI BEHARREZKO GARRANTZIA ETA DENBORA EMATEN DIOTELA ESANGO ZENUKE?

Ez soilik emakumeak. Gizonak ere beren osasunaz arduratu behar dira. Medikuak aholkuak emateko gaude, gaixotasunean laguntzeko eta, garrantzitsuena, gaixotasunen prebentzioa egiteko. Eta lehen esan dudan bezala, emakumeak betidanik arduratu dira beste gizakiez beren buruaz baino lehen. Askotan, gehiegitan, kontsultan atsedena aholkatu eta zera entzun izan dut: «Baina nork egingo ditu etxeko gauzak?». Adineko emakumeekin hauxe gertatzen da, baina okerrago da seme-alabak ezkonduta eta lanean dituztenean. Beren etxeko ardurak egin eta, gainera, kasu askotan, beste etxe batera joan behar dute ilobak zaintzera… Eta zaharren  zainketak  gehienetan alaben ardura bihurtzen dira da, ez semearena. Gaurko emakumeek, gehienek, ez daukate beraientzat denborarik.

 

EMAKUMEEN OHIKO GAIXOTASUNEZ (ETA HAUEN ZERGATIEZ) ERE ARITU OHI ZARA IKASTAROETAN. KONTAIGUZU, MESEDEZ.

Emakumeek dauzkaten gaixotasunak landu ohi ditugu: obesitatea, (elikaduren gaia ikastean), bular eta umetoki lepoko minbizia, antsietatea, depresioa, artrosia, fibromialgia… Eta batez ere botikei buruz hitz egiten dugu.  Jende guztiak jakin behar du zer hartu, zertarako den eta zein ondorio eta arazo dituen. Medikuok askotan pastillak ematen ditugu beste gauza batzuk aholkatu gabe. Eta norberak galdetu behar du: hau hartzea derrigozkoa da? Ez al da hobe izango dieta ona egitea, eta pisu pixka bat galtzea pastillak hartu baino lehen? Pasaiako emakumeen gaixotasunak berdinak dira, nere ustez: obesitatea, artrosia, diabetea, kolesterola…Agian  antsietate  gehiago? Nere ustez presio handiarekin bizi dira. Emakumeak bere gain eraman ditu gizakien arazo guztiak: arrantza munduko langabezia, drogaren inguruko arazoak… Urte luzez ikusi ditugu amen ardurak.

 tempat wisata di madiun

ETA GAZTEEN ESTRESA? HORREK EZ DIO OSASUNARI BATERE LAGUNDUKO. AHOLKUREN BAT ZENTZU HORRETAN?

Gazteek beste egoera batzuk dauzkate. Askatasun gehiago eduki arren, gaurko emakumeak askotan komunikabideek esaten dutenaren menpe daude: moda, itxura… Bestalde, sarritan ez dute ondo jaten. Beti presaka dabiltza eta ez daukate denborarik. Bizitza lasaitasunez hartu behar dute. Ondo jan, denetatik baino ez gehiegi, eta egunero kirol pixka bat egin, gutxienez ordu erdiko ibilaldi bat. Eta oso garrantzitsua da norberen burua ondo moldatua edukitzea. Ahaleginak egin behar dituzte jakintsuak izateko eta inoren menpe ez egoteko.

 




No hay comentarios

Añadir más

Deja un comentario