“Gunea” aurkeztu zuten larunbatean, Gipuzkoako lehen Berdintasun Foru Kontseilua

presentaci—n de Berdintasuna

presentaci—n de BerdintasunaMugimendu feminista eta emakumeen elkarteetako ordezkariek Gunea, Gipuzkoako lehen Berdintasun Foru Kontseilua, aurkeztu zuten Donostian larunbatean, martxoaren 22an.

Bertan izan ziren Foru Gobernuko diputatuak, zein Batzar Nagusietako eta Gipuzkoako udaletako ordezkariak. Donostiako Bulebarrean egindako ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugarte, Berdintasun zuzendari Laura Gomez eta Katia Reinberg eta Hajar Samadi emakume elkarteetako bi ordezkarik parte hartu zuten. Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariek eta Olatz Salvador abeslariak emanaldia eskaini zuten.

Ekitaldi hasierako diskurtsoan Laura Gomez Berdintasun zuzendariak emakumeen parte-hartze soziopolitikorako eta Aldundiarekin elkarrizketarako gune hau sortzeagatik zoriondu zituen emakumeak. Zuzendariak gogorarazi zuenez, Kontseilu hau “orain arte babes instituzionalik lortu ez zuen Gipuzkoako mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa” da.

 

41 ELKARTE

Gomezek azaldu zuenez, azken urtean Gipuzkoako 41 elkartetako ehun emakumetik gora izan dira Gunearen jaiotzan parte hartu dutenak. Honen sorrera martxoaren 18an onartu zen Diputatuen Kontseiluan. Azaldu denez, foro honen funtzioen artean dago berdintasun politikak bultzatzea, Aldundiko politiketan ikuspegi feministak txertatzen direla bermatzeko foru ordezkariekin elkarrizketa zuzena sortzea; elkarteen arteko sare eta koordinazioa indartzea eta edozein indarkeria matxista mota salatzea. “Gunea martxan jartzea mugarria da berdintasunarentzat Gipuzkoan”, azpimarratu zuen zuzendariak.

Guneako Komisio Kudeatzailea aurkeztu zen ekitaldian, Gipuzkoako elkarteen ordezkari diren zazpi emakumek osatutako Kontseilu hau bultzatzeko ardura duena. Bertako kideak hauek dira: Maritxu San Pedro (Gaurko Andreak), Juana Aranguren (Plazandreok), Amaia Las Heras (Arrats), Eukene Pardo (Asede), Nati Rufo (Amalatz), Katia Reinberg (Bidez Bide), Hajar Samadi (SAFA). Azken bi hauek hitza hartu zuten parte-hartzaileei egindako esfortzua eskertzeko, berdintasunarekin duten konpromisoa erakutsi eta Gipuzkoako Berdintasun Kontseiluaren garrantzia aldarrikatzeko: “Badakigu ez gaudela hemen gobernatzeko, baina badakigu baita entzunak izateko eskubidea eta gure bizitzak zehaztuko dituzten erabakietan parte hartzeko eskubidea dugula”.

Foru bozeramaile Larraitz Ugartek ekitaldiko azken hitzak egin zituen eta bertan nabarmendu zuen Gunea gizarte “berdintasunezkoago eta demokratikoagorako bidea” dela. “Mugimendu feminista eta tokiko elkarteetako kide diren emakumeen ahots anitzez eraikitako Gipuzkoa bat. Jatorri anitzeko emakumeak, kultura desberdinetakoak, sentsibilitate, ideologia, interes, esperientzia eta ibilbide desberdinetako emakumeak. Baina, finean, desberdintasun guztien gainetik, helburu komuna duten emakumeak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, azkenik, errealitatea den gizarte bat eraikitzea”, esan zuen.




No hay comentarios

Añadir más

Deja un comentario