“Hirian dauden puntu kritikoak desagerrarazi nahi ditugu, emakumeak libre ibil daitezen inongo beldurrik gabe”

Donostiako Udalak publiko egin du Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzional bateratua. Jarraian irakur dezakezue:

“Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Donostiako Udalak indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, batez ere, nabarmen geratzen ari denean arazo hau gazteen artean ere oso errotuta dagoenean.

Azken urteotan, aldaketa nabarmenak izan dira emakumeen eta gizonen arteko harremanetan. Berdintasunerantz aurrerapausoak eman dira. Hala ere, eta aurrerapenak gorabehera, begi bistan da harreman hauek oso sustraiturik dagoen eta desberdintasunean oinarrituta dagoen kultura sozial baten baitan eraikitzen direla oraindik ere, eta, ondorioz, eguneroko jarreretan agertzen dela, desberdintasun hori ugarituz eta betikotuz.Testuinguru horretan kokatu behar ditugu erasoak, izan ere, eraso horietako asko hain daude normalizatuta eta hain dira egunerokoak, emakumeek nekez antzeman ditzaketela. Bereziki neska gazteek, berdintasunaren liluraren ondorioz, indarkeria saihesteko tresna eta baliabide gutxi dituztelako.

Emakumeon kontrako erasoak espazio publikoetan nahiz espazio pribatuetan izaten dira. Kaleak eta etxeak ez dira gune parekideak. Eta kultura hau, berdintasunetik urruti dagoena, hirigintzan eta hiriak pentsatzeko eratan ere islatzen dela nabarmendu nahiko genuke, politika horietan pisua daukatela

Donostiak aurrera egin du berdintasunean, politika ezberdinak garatu dira eta garatzen ari gara, baina hirian oraindik emakumeei debekatutako guneak aurki gaitezke, ikusgarritasun eta irisgarritasun falta dela eta, lekuak oso ilunak, ezkutatuak eta abar daudelako. Modu berean, gehien erabiltzen ditugun espazioak ere debekatutako guneak izan daitezke asteburuetan, jaietan eta gauetan eraso matxistak gehitu egiten direlako. Espazio hauei puntu kritikoak deitu diegu eta hirian dauden puntu kritiko hauek desagerrarazi nahi ditugu; emakumeak, eta bereziki neska gazteak, hiritik libre eta aske ibili daitezen inongo beldurrik gabe.

Era berean, beharrezkoa da, erasoak ekiditeko erabiltzen diren estrategietan, beldurraren bitartez euren segurtasunaren erantzule izatea saihesten duten mezuak helaraztea neska gazteei. Halaber, mezu horiek nesken jabekuntza sustatu beharko lukete eta sexualitate aktiboa izateko eskubidea aintzatetsi, beti ere, neskak estigmatizatu gabe edo jarrera arriskutsuen erantzule egin gabe. Eta bideratuko diren mezu eta programak emakume guztien lan eta gizarte esparruan modu aktiboan parte hartzeko eskubidearen aitortza sustatu beharko dute.

Hori guztiori dela-eta, Udal honek:

  • Konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, parte-hartzaile eta koordinatua garatzeko.
  • Horretarako, ekimenak abiaraziko ditu, emakumeak, batez ere, emakume gazteak, zaurgarritasunari aurre egiteko eta jabekuntza sustatzeko beharrezkoak diren baliabideez hornitzeko. Aldi berean, jarrera sexistak ekiditeko eta eguneroko mikro eraso sexisten kontrako jarrera aktiboa eta irmoa hartzeko lan egingo du. Halaber, beste erakundeetatik helburu berarekin abian jarritako edo jar litezkeen programak, hala nola Berdinsareak bultzatzen dituena, sustatzeko edo aplikatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Konpromisoa hartzen du, Hiriko puntu Kritikoak desagerrarazi edo leuntzeko eta praktika honen katalogoa ezartzea, aztertutako puntuen esperientziatik abiatuta, hiri plangintza berrietan kontuan hartu ahal izateko.
  • Era berean, GONBIT EGITEN DIEGU herritar guztiei, eta bereziki hiriko neska-mutil gazteei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.



No hay comentarios

Añadir más

Deja un comentario