Errenteriako liburutegiak haurrengan irakurzaletasuna sustatzeko programa berria jarri du abian

firadia1_10 (1)

firadia1_10 (1)Haurrengan literaturarekiko maitasuna bultzatu aldera, Errenteriako Liburutegiak hainbat proposamen eskainiko ditu datozen aste eta hilabeteotan, neska-mutilez gain  hezitzaileak, gurasoak eta liburutegia uztartuz

Iazko ikasturtean Galtzagorri Elkartearen eskutik hasitako “Bularretik Mintzora” proiektuari jarraipena eman asmoz, «apustu serioa» egin nahi izan du liburutegiak, formaziorako apustua, praktikoa batez ere, eta irakurketa sustatzeko jarduerak antolatu ditu bi lerro garrantzitsuren bidez. Batetik, familia irakurketarako kluba sortu du eta, bestetik, hitzaldi-tailerrak hezitzaile zein gurasoei zuzenduak.

 

HAUR ETA GURASOAK

Irakurketa Klubari dagokionez, hilean behin egingo den saioan guraso eta seme-alabak elkartuko dituzte irakurketa une batzuk partekatzeko, Galtzagorri Elkarteko profesionalen eskutik. «Helburua da txiki-txikitatik praktika onen bidez irakurketa sustatzea», adierazi da.

Lehenengo hiruhilekoan kluba 6-8 urte bitarteko ikasleei zuzenduta egongo da eta urtarriletik maiatzera 3-5 urte bitartekoei. Parte hartzeko baldintza bakar eta derrigorrezkoa da liburutegian izena emateko inprimakia betetzea. Jarduera euskaraz gauzatuko da. Lehen saioa irailaren 19an izan zen eta hurrengoak urriaren 17, azaroaren 14 eta abenduaren 19rako aaurreikusita daude. 18.00etan izango dira, Lur Korta dinamizatzailearekin.

 

HITZALDI-TAILER ZIKLOA

Bestetik, haur txikiengan irakurketa sustatzeak zailtasun handia izan dezakeela eta, hitzaldi-tailer ziklo bat prestatu dute. “Bularretik Mintzora” proiektuaren barruan familia eremuan, edota eskola zein laneko giroan, irakurketa sustatzeko nahia duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Hitzaldi-tailer hauek Pello Añorga, Yolanda Arrieta eta Juan Carlos Alonso bezalako profesionalak izango dituzte gidari.

Hainbat gai ezberdin jorratuko dira. Urriaren 2 eta 9an, “Elkar entzuteko gunea sortzen etxean: liburuak eta kontuak  lagun” gaia landuko da Pello Añorgarekin. Azaroaren 12 eta 19an, “Zer egin liburuekin. Kontu kontari”, Yolanda Arrietarekin. Eta martxoaren 27an, “Emozio hezkuntza eta Haur Literatura”, Juan Karlos Alonsorekin. Hitzaldi-tailer guztiak Xenpelar Etxean izango dira, euskaraz, 17.30-19.30 bitartean.

Parte-hartzea libre eta doakoa da.  Halere, ahal bada, haur edo helduen liburutegiko mostradoreetan asistentzia baieztatzea gomendatu dute.

«Ikasturte honetako jardueren programa antolatzeko ahaleginak aldez aurretik harrera ona, interesa eta parte-hartze handia izan du liburutegian, Galtzagorri Elkartearen babesarekin antolatu genituen formazio hitzaldietan esku hartu zuten  ikastetxeetako hezitzaileen aldetik», jakinarazi da.

Gainera, liburutegian bibliografia hautatu eta kalitatezkoa eskaintzeko  espezifikoki sortutako guneak ere arrakasta izan duela adierazi da. «Ikasleak liburutegira zertxobait gehiago hurbiltzera animatu zenituzten irakasleei» eta proiektuan partaide izan diren ikastetxeei eskerrak eman dizkiete.




No hay comentarios

Añadir más

Deja un comentario