Mintzanet tresna sortu dute, internet bidez euskara praktikatzeko

MINTZANET 1

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Udalak eta Mara Mara Hizkuntza Zerbitzuak enpresak euskara internet bidez praktikatzeko tresna berri bat aurkeztu dute: Mintzanet. Izen bereko webgune baten bitartez (www.mintzanet.net), euskara menderatzen duten hiztunak eta euskara praktikatu nahi dutenak harremanetan jartzea erraztuko du proiektu honek, nahi dutenean eta nahi duten tokitik praktika dezaten. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Mara Marako zuzendari Ritxi Lizartzak eman dute Mintzanet-en berri abenduaren 3 honetan, San Telmo Museoan, Udaleko Euskara Zerbitzuko atalburu Alex Aisak aurkeztuta. Ekitaldian, Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta Topagunea elkarteko zuzendari Jasone Mendizabalek ere parte hartu dute, bi erakunde horiek ere proiektuarekin bat egin baitute, baita Donostiako Bagera euskara elkarteak ere.

Mintzanet Mara Marak sortu du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz. Ordenagailu bat, interneterako konexioa, Skype programan sortutako kontu bat eta web kamera bat erabiliz, euskara binaka praktikatzean datza egitasmoa. Pertsonetako bat euskara praktikatu nahi duen norbait izango da (bidelaria), eta bestea, euskara menderatzen duen norbait (bidelaguna). Horretarako, “Mintzanet”-en webgunean izena eman beharko dute. San Telmoko aurkezpenean, nola erabiltzen den zuzenean erakutsi dute, internet bidez hainbat lagunekin arituta. Alkateak, Aizpea Goenagak, Donostiako ikastolen mugimenduko bultzatzaile Kontxita Beitiak eta Euskadi Irratiko programetako zuzendari Arantxa Kaltzadak euskara ikasten ari den Donostia 2016 Bulegoko kultur zuzendariarekin, Fernando Bernuesekin, eta Donostian bertan edo atzerrian euskara ikasten ari diren beste zenbait lagunekin egin dute proba.

DONOSTIATIK MUNDURA

Juan Karlos Izagirrek azaldu duenez, Mintzanetek hiru abantaila nagusi dauzka: “Bata, gaur egungo gizartean izugarrizko eragina eta hedatzeko ahalmena daukan plataforma batean oinarritzen dela, interneten; bigarrena, euskara praktikatuz jendea ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen duela; eta hirugarrena, hizlarien arteko hurbiltasun fisikorik eskatzen ez duenez, edozein tokitan eta edozein ordutan erabiltzeko aukera ematen duela”. Horregatik, arrakastatsua izatea eta Donostiatik mundura zabaltzea espero du. “Donostian sortu den ekimen hau donostiarrentzat bezalaxe, Euskal Herriko eta mundu osoko euskaldunentzat erabilgarri izatea nahi dugu”, adierazi du alkateak.

Aurretik, azken egunotan euskararen aldeko ekintzak antolatzen edo horietan parte hartzen aritu diren donostiar guztiei eskerrak eman dizkie, baita Kontseiluak larunbatean antolatu zuen manifestazioan izan zirenei, eta bereziki, egunero euskaraz eta euskararen alde aritzen diren guztiei ere. Jarrera horrekin bat, Donostiako Udalak euskara ikasi, erabili eta esparru guztietara zabaltzea bultzatzen jarduten duela nabarmendu du Juan Karlos Izagirre alkateak.




No hay comentarios

Añadir más

Deja un comentario